Argitzen, Debagoieneko energia trantsizioaren norabidea adosteko herritar eta eragileen arteko prozesua, aurkeztu dugu

Argitzen prozesuko Mandatu Organoaren argazkia, 2025eko maiatzaren 28an Arantzazun egindako aurkezpenean

Debagoienean energia trantsizioaren inguruan eman beharreko urratsak adostu eta gauzatzeko deliberazio prozesua aurkeztu dugu gaur Arantzazun. Askotariko eragile eta pertsonen inplikazioaren bidez, eskualde mailan eman behar dugun noranzko aldaketa adosteko proposamena da.

Mandatu Organoko bi kidek aurkeztu dute Argitzen prozesua: Gorka Artola Alberdi (Bergarako alkatea) eta Eva Gayubo Cazorla (Oñatiko zinegotzia)

Etorkizuna baldintzatuko duten erabaki estrategikoak eskualde mailan hartu beharrean gaude eta herritar eta eragileek energia trantsizioaren baitan beren ardurak hartzea nahi dugu, prozesuan zehar ahaldunduz. Horregatik da beharrezkoa askotariko eragile eta pertsonen inplikazioa hausnarketa partekatu hori egiteko.

Norabide aldaketa bat bai, baina zein noranzkotan? Energia eredua aldatzeko aukera ezberdinak aztertu eta noranzkoa erabakitzea dagokigu orain. Aldaketa hori eskualdeko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrekin landuko dugu. Batetik, Herritarren Batzarrak gomendio batzuk egingo ditu eta, ondoren, Mandatu Organoak horri erantzuna emango dio.

  • Herritarren Batzarra* osatuko duten 50 herritarrei galdera horri erantzuteko gomendio-sorta bat sortzea eskatuko diegu. Horretarako, Debagoieneko 50 herritar aukeratuko ditugu zozketa bidez eta 2025eko udazkenean elkarrekin galdera horri erantzuteko gonbidapena egingo zaie. Bost saiotan zehar, ezagutza jasoko dute eta baita proposamenak lantzeko laguntza ere. Azkenik, gomendio-sorta bat osatu beharko dute eta Mandatu Organoaren esku utzi.
  • Mandatu Organoa gogoeta partekaturako prozesu honen sustatzaile eta erabakigune nagusia da, eta berea da gomendioei erantzuna emateko ardura. Talde hau osatzen duten sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragileek gomendio horiei erantzuna emateko konpromisoahartu dute.

*Herritarren batzarra: Tresna soziologiko bat da, metodologia berritzaile bat, demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko hainbat prozesutan erabili dena. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabili du klima-larrialdiari aurre egiteko eta nazioartean ere erabili izan da.

Mandatu Organoko eremu ezberdinetako lau kidek prozesuaren inguruko beraien ikuspegia azaldu dute: Joxean Alustiza (Fagor taldea), Arianne Karega (Debagoieneko lau energia-komunitateen izenean), Garikoitz Ayesta (Landa garapen elkartea) eta Oier Etxebarria (Goiener)

NONDIK GATOZ?

2023an D2030 sareak eskualdean energia trantsizioaren inguruan adostasunak lantzeko prozesu bat abiatzeko proposamena egin zuen. 2024ko apirilera bitarte aurretiko fase bat garatu da prozesuaren oinarriak ezartzeko eta bertatik eratu da Argitzen prozesuaren ardura hartu duen talde sustatzaile hau, mandatu organoa, lankidetza publiko-pribatu-komunitarioa oinarrian duena eta eskualdeko lau alderdi politiko nagusien babesa eta parte-hartzea duena.

Aritz Ameztegi Elolak (D2030 sareko energia eremuko arduraduna) energia trantsizioaren beharra azaltzeko hitzaldia eman du, eskualdeko egoera eta erronkak azalduz.

Debagoiena energia kontsumo handiko eskualdea da, besteak beste, ehun industrialak eskualdean duen garrantziarengatik eta bizi ereduarengatik. Dagoeneko eraldaketa energetiko, ekologiko, sozial eta ekonomikoa gertatzen ari da. Debagoiena eskualdeak garapen eredu iraunkor baterako bidea bultzatu beharko du, eta horrek energia kontsumoa gutxitzea eta energia berriztagarrien garapena eskatzen du.

Baina kontsumo energetikoa gutxitzeak ehun industriala murriztu dezake eta bizi baldintza eta ereduak eraldatu. Era berean, energia berriztagarrien eskala handiko proiektuen garapenak biodibertsitatean eta landalurrean eragin dezake. Horren ondorioz, kontsumo energetikoaren murrizketa eta eskualdean energia berriztagarriak zein mailatan garatu beharko liratekeen definitu beharko da, alegia, eskualdeak izango duen dependentzia energetiko maila.

Scroll to Top