Debagoieneko eragile eta herritarrak ahalegin eta ekimen ezberdinak bultzatzen hasita gaude mundu mailan bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurrean, gure eskualdearen garapen eredu jasangarri baterantz eraldatzeko.
Hartzen ditugun erabakiek gure eskualdearen etorkizuna eta gure bizimodua baldintzatuko dituzte
Debagoiena energia kontsumo handiko eskualdea da, besteak beste ehun industrialak eskualdean duen garrantziarengatik eta bizi ereduarengatik. Dagoeneko eraldaketa energetiko, ekologiko, sozial eta ekonomikoa gertatzen ari da. Debagoiena eskualdeak garapen eredu iraunkor baterako bidea bultzatu beharko du, eta horrek energia kontsumoa gutxitzea eta energia berriztagarrien garapena ekartzen du.
Â
Baina kontsumo energetikoa gutxitzeak ehun industriala murriztu dezake eta bizi baldintza eta ereduak eraldatu. Era berean, energia berriztagarrien eskala handiko proiektuen garapenak biodibertsitatean eta landalurrean eragin dezake. Horren ondorioz, kontsumo energetikoaren murrizketa eta eskualdean energia berriztagarriak zein mailatan garatu beharko liratekeen definitu beharko da, alegia, eskualdeak izango duen dependentzia energetiko maila.
Halaber, eraldaketa hau egiteko moduak desorekak areagotu ditzake pertsona, erakunde, herri eta lurralde ezberdinen artean.
Datu batzuk
Energia trantsizioaren beharra ulertzeko datu esanguratsu batzuk:
EAEn erabiltzen dugun energiaren % 85 iturri fosilak erretzetik dator (berotze globalaren kausa nagusia).
Debagoienean energia kontsumilatzaile handiak gara. Energia honen % 94,8 gure mugen kanpotik dator
Eskualdeko pertsonako 8,53 tona CO2 isurtzen ditugu urtean (EAEko bataz bestekoa 8,4 da eta Europar Batasunekoa 7,9).
Industria eta garraioa dira gehien isurtzen duten sektoreak (% 80tik gora). Etxebizitzak hurrengoak (% 8).
Kontsumo maila handiena dutenak: industria (% 50), garraioa (% 33), etxebizitza (% 9) eta zerbitzuak (% 8).
Energia berriztagarriari dagokionean, Debagoienean instalatutako kopurua txikia da: kontsumo elektriko osoaren % 14.
Norabide aldaketa bat bai, baina zein norantzatan?
Energia eredua aldatzeko aukera ezberdinak aztertu eta norantza erabaki behar dugu orain. Norabide aldaketa hau eskualdeko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrekin ari gara lantzen.
Herritarren Batzarra osatuko duten 50 herritarrei honako galderari erantzuteko gomendio-sorta bat sortzea eskatuko diegu:
Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?
Mandatu Organoa osatzen duten sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragileek gomendio hauei erantzuna emateko konpromisoa hartu dute.
